Lauhaizeta eskusoinu orkestra Madrilen
Zuzeneko musikak zerbait berezia du, diska edo erreproduktore batek erreproduzitu ezin dezakena. Horregatik Lauhaizeta Akordeoi Orkestrak zuzenekoaren aldeko apostua egiten du. Orkestra “AKORDEON PLUS” Musika Elkarteak sorturiko hainbat ekintzen emaitza da, eskusoinuak eskaini dezakeen musika ezagutzera emateko.
Taldea gipuzkoako hainbat herritako akordeoilariek osatzen dute; Hernani, Irun, Lezo eta Usurbilgoak. Musika Eskoletako ikasleek jotzen dute, Maribel Insausti, Josu Sarasa eta Joxean Anduagaren zuzendaritzapean.
Azken hamahiru urteetan bidaia asko egin dituzte, besteak beste Serbia, Italia, Sevilla, Bartzelona… Horrez gain, Gipuzkoan bertan ere askotan jo dute. Aurten, Madrilera abiatu dira 35 akordeoilarirekin, horien artean, Usurbilgo Intza Apezetxea, Imanol Iribar eta Asier Iruretagoiena, Zumarteko ikasle edo ikasle izandakoak. Kontzertua Madrilgo San Ignacio elizan izan zen, bertako Euskal Etxeak gonbidaturik.